EAJk beharrezko aldaketak bultzatuko ditu emakume eta gizonen arteko berdintasunerako bidean aurrera egiteko urrats sendoak ematen jarraitzeko
Euzko Alderdi Jeltzalea gaur goizean Sabin Etxean bildu da Emakumeen Nazioarteko Egunean eta bertan adierazi duenez, "emakume eta gizonen arteko berdintasunerako bidean aurrera egiteko urrats sendoak ematen jarraitu behar dugu desberdintasuna betikotzen duten baloreak aldatzea sustatuz". Bileran, talde jeltzalea erakundeetan ordezkatzen duten hogeita hamar bat emakume bildu dira. Topaketa ´Atzera Pausorik ez. Ni un paso atrás. Beti Aurrera!' lemapean burutu da eta Pilar García de Salazar EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko Idazkaria eta Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko presidentea izan dira buru. Jardunaldian parte hartu dute baita Nekane Alonso, EBBko Hiritargo Arloko burukide arduradunak, Izaskun Lanlaida Emakundeko zuzendariak, Estefanía Beltrán de Heredia eta Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Sailburuek; Ibone Bengoetxea Eudel erakundeko presidenteak; Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Madariagak; eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, alderdiko diputatu, senatari, legebiltzarkide, batzarkide, alkate eta zinegotziekin batera.
Bileraren ostean, Pilar García de Salazar eta Nekane Alonsok martxoaren 8rako egin den adierazpen ofiziala irakurri dute. Azpimarratu dutenez, EAJk hitza ematen du "beharrezko aldaketa bultzatuko duela politikagintzan nagusi den ereduak gizonezkoen botere eta lidergoan oinarrituta egoteari utzi diezaion, eredu horretan biziraupena zaintza arduren banaketa ez ekitatikoari lotuta, eragozpen handia baita emakumeak politikagintzan sartzeko eta alor horretan aurrera pausuak emateko eta, oro har, emakumeek esparru publikoan parte har dezaten". Buruzagi jeltzaleek baieztatu dutenez, "berdintasunerako bidean aurrerapausoak eman dira, bai, baina luzea da oraindik egin behar den ibilbide zatia". Gaineratu dutenez, "ekinean jarraitu behar dugu, lan eginez eta ekinez, gizarte bidezkoago eta berdintzaileagoa lortzeko".
Barne ekitaldian zehar Izaskun Landaidak oraintsu onartu berri den VI. Berdintasun Planari buruz adierazi duenez, "baloreen aldaketa berebizikoa da edozein Berdintasun Planean. Plan honek umeengan eta gazteengan jartzen du begirada, beraiek baitira epe luzean gizarte aldaketa bultza dezaketenak".
Bestalde, Mari Carmen Garmendiak, Sabin Etxean bildu diren eta erakundeetan kargu garrantzitsuak dituzten emakumeei buruz, "izugarri pozik eta ohorez beteta" sentitzen dela, azaldu du. "Gaurko argazki hau izugarri baikorra da. Asko aurreratu dugu. Hala ere, egia da baita aurrerapauso horiek ez direla doakoak izan. Berdintasunaren alde egin den bidea gogorra da. Noski, gauza asko daude oraindik egiteke baina daramagun bidea ona da".
Ещё видео!